SAKRISTAU ZAR BATEN DEABRUKERIA

 

Zer deabrukeria

zaio bururatu?

Batista adin orretan

dua ezkontzera?

Aur jaio, gizon bizi,

aurtxo biurtzea,

orra ekusten danez

gure suertea.

 

Iya larogei urte

dituen gizonak,

ez du andrerik bear,

baizikan salda ona;

gaztetako txingarrak

sentitzen baditu,

ur freskoa edanaz

itzali bear ditu.

 

Lanparak, itzaltzera

dijoan orduan,

llamarak bota oi ditu

argira moduan;

baña dira llamara

akabaerakoak,

ez olio geiegik

emanikakoak.

 

Dabidek zartu eta

Sunamit artzeko

esan zuen zuela

oñak berotzeko.

Batista, adin orretan

dek askoz obea

Palenciako manta,

ez andre gaztea.

 

Ez badik gauza orrek

erremediorik,

ez dezak beintzat egin,

al badek, semerik;

esnatzen aizenean

goizean lotatik,

ostikoka bota zak

andrea aldetik.

 

Ez adilla fiyatu

llamara oietan,

ondo konserba itzak

ere erraietan;

kanpora ateratzen

enpeñatzen baaiz,

otzak illik txit laister

lurperatuko aiz.